XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

V. ZIENTZIA BERRIAREN SORRERA: GALILEOren METODO EXPERIMENTALA.

A) FISIKA ARISTOTELIKOA.

Kepler-ek hasitako bidea Galileo-k betetzen du, Lurra nahiz Zerua unibertso bakar baten parte direla baieztatuz eta unibertso horren logika eta ulergarritasuna Matematikan datzatela aldarrikatuz.

Aristotele-ren sistema kosmologikoa krisian zegoela garbi ikusi dugu lehen, baina, Fisika aristotelikoak kontraesan sakonak eduki arren, ez zaio oraindik gogor eraso.

Hori izan zen, hain zuzen, Galileo-k burutu zuen lana.

Eta horretarako, batetik, projektilen higidurak eta, bestetik, grabeen erorketa sakonki aztertu zituen, Aristotele-ren sistemaren kontraesanak sakonduz eta dinamika modernoaren oinarriak ipiniz.

Higiduraz egindako azterketa horietan, Natura sakonki ulertzeko, zer-nolako eratan teorizatu eta experimentatu behar den adierazten zuen eta, zentzu honetan, Zientzia modernoaren sortzaile bihurtzen da.

B) 1638ko DISCORSIa.

Liburu honetan Galileo-k atera zituen emaitzengatik eta, batez ere, erabili zuen metodoarengatik, bere garaiko Zientziaren munduan izugarrizko iraultza suposatu zuen.

Lehen aipatu dugun bezala, liburu honen zatirik handiena Dinamika-zientziari egokitua dago, higiduraren azterketari egokitua alegia.

Horretarako, hiru higidura-mota aztertzen dira: Higidura uniformea, erorketa askearen higidura eta projektilen higidurak, Eta higidura horiek aztertzean, Galileo-k higiduren ezaugarrietan arreta osoa jarriko du eta ez higidura horien arrazoietan eta kasuetan.

Hau da, Zientziaren munduan, jarrera berri eta iraultzaile bat.

Gauzak nola izan ziren hobeto ulertzeko, azter ditzagun Discorsi liburuan agertzen diren hiru higidura-motak.